Entseguak
1963az geroztik bi saiakuntzarekin konprometitu zen.
Lehenengoa izan zen kuestionatzea jarrera-nahasmenduak dituzten haurrentzat onuragarriak omen diren gorputz-ariketak. Bere ikerketak erakutsi zuten nahasmendu horiek haur bakoitzarentzat partikularrak ziren faktoreekin lotuta zeudela, bai herentzia-faktoreekin eta bai faktore emozional toniko-erlazionalekin. Berak proposatzen zuen praktikaren mamia hauxe zen: haur bakoitzari uzten zitzaion aukeratzen zer jarrera izan nahi zuen, zutik egonda, eta oreka, distentsio toniko eta gorputz-simetriako sentsazioak eskatzen zitzaizkion. Kontua zen haur bakoitzak deskubritu zezala gainerako haurrekin konpartitutako gorputz-ongizate bat.
Bigarren esperimentazioa haur zailekin egin zuen; horretarako, lehen hezkuntzako eskola bakoitzari atxikitako klasetan biltzen zituen haur horiek. Aucouturierrek saioak animatu zituen, klaseko irakasle adituekin batera. Haurrak bilaketa-egoera batean jartzen zituzten, mugimendu eta erritmoarekin. Pedagogia arina eta malgua zen, eta iniziatiba-tarte handia uzten zion sormen indibidual eta kolektiboari.
Horrenbestez, bere bizitza profesionalaren lehenengo aldi horretan, praktika funtzionaletik aldendu eta adierazpenean eta adierazpen horrek gorputzean zituen eduki sakonetan zentratutako praktikara pasatu zen.
1972an, haur zailekin izandako esperientziatik abiatuta, desgaitasunak zituzten haurrekin hasi zen lanean, banaka, haur horiei adierazpen eta komunikazioarekin laguntzen. “Bruno” haurra izan zen beraren lehenengo esperientzia terapeutikoetako bat; konbentzituta zegoen laguntzaren mamia zela haurrarekin ez-ahozko komunikazio batez elkarreraginean aritzea, etorkizuneko garapen guztien abiapuntu gisa. Terapia psikomotorraren originaltasuna praktika instrumentalen antitesia zen ordurako.
Lehenengo hamar urte haietan Tourseko zentroan izandako esperientzia hezitzaile eta terapeutikoa oso lagungarria izan zen oraingo psikomotrizitate praktikoaren garapenean, hots, gorputzaren adierazkortasunean oinarritutako psikomotrizitate praktikoaren garapenean. Ordurako, Aucouturier konbentzituta zegoen funtzio sekundario guztiek –motorrak, afektiboak, kognitiboak eta irudimenezkoak- modu bakarra zutela eboluzionatzeko: hurbilpen globala, hau da, funtzio guztiak aldi berean azpimarratuz. Ikuspegi horretan, funtzio guztiak beharrezkoak ziren aldi bereran. Sinesten zuen bide bakarra mugimendu eta adierazpen askatasuna zela, haurraren historiaren balio sakonak eta haien emozioak esparru segurtatzaile batean errespetuz hartuz. Konbentzituta zegoen plazera beti bilatu behar zela, eta entzute emozionaleko jarrera funtsezkoa zela haurraren eboluziorako.
1967an, André Lapierre eta Pierre Vayerrrekin batera –psikomotrizitatearen alorreko bi erreferente mundu mailan-, “Heziketa eta Berreziketa Psikomotorraren Frantziar Eskola” eratu zuten, hots, SFERPM deritzan eskola. Aucouturier idazkaria zen eta Lapierre presidentea. Aldizkari bat argitaratzen zuten hiru hiletik behin. SFERPMen lehenengo nazioarteko solasaldia Toursen izan zen, 1969an, Frantziako eta atzerriko ehunaka profesional bilduta. Horiek guztiak interesatuta zeuden gorputza, harremanak eta alor sinbolikoa hezkuntzan eta terapian gehiago txertatzen zituen ikuspegiagatik.
Harrezkero, haurtzaroaren inguruan lan egiten zuten profesional ugari Toursera iritsi ziren Aucouturier irakaslea haurtzaindegiko haurrekin lantzen ari zen praktika psikomotorra behatzeko, eta baita jokabide-nahasmenduak –larriak edo ez hain larriak- zituzten haurrekin lantzen zuen praktika ere behatzeko.
Hogei urtez egoera normalaren eta egoera patologikoaren artean mugitu zen esperientzia zabal horrek ahalbidetu zion haurraren garapena behatzea eta praktika hezitzaileen eta terapeutikoen arteko puntu komunak eta desberdintasunak agerian uztea, eta horri esker PPAren (Pratique Psicomotrice Aucouturier) koadroa egituratu ahal izan zuen.
Urtetik urtera, Tourseko zentroa esperientzia hezitzaile eta klinikoen laborategi bihurtuz joan zen, haurren jokabidea behatzeko; ikerketa teorikoak eta praktika etengabekoak ziren, praktika psikomotorrari buruzko formakuntzan jasotzen zuten parte-hartzaile ugariek akuilatuta. Horiekin batera, hainbat neuropsikiatra, psikoanalista, semiotiko eta psikologok ere asko aberastu dute praktika hori, beraren inguruan zeukaten begirada partikularrari esker. Bada, horien artean UPV/EHUko zenbait irakasle daude.
Ordurako, hasita zegoen beraren karrera paregabea sorkuntza, ikerkuntza, zientzia eta humanismoaren alorretan, eta, hala, beraren ibilbide profesionalak garai hartan lortu zituen bere lehenengo aitortzak, hala nola: Parisko medikuntza akademia nazionalaren saria, 1971n, eta Gazteria eta Kirolen Ministerioaren tesiaren saria, 1974an.
1972an, Tourseko gorputz-berreziketako Zentroaren zuzendari izendatu zuten, eta harrezkero Praktika Psikomotorreko Zentro bihurtzen hasi zen. Horrekin batera, irakasle gisa aritzen zen psikomotrizitatean espezializatutako irakasleen formakuntza-zentroan, Tourseko Unibertsitatean.
Irakaskuntza eta ikerkuntzaren alorrean egindako lanak eta beraren praktikak interes bizia piztu zuten herrialde askotan, eta horren haritik ASEFOP elkartea sortu zuen 1986an (praktika psikomotorrean formatzeko eskolen europar elkartea), bera Presidente Sortzailea izanik; ASEFOPek Alemania, Argentina, Belgika, Brasil, Espainia, Italia, Mexiko, Peru eta Portugaleko formakuntza-eskolak bildu zituen.
Nazioarteko Aucouturier eskola
2011n EIA eratu zuen (nazioarteko Aucouturier eskola), haurrei laguntzeko zentroekin eta PPAn espezializatutako psikomotrizistekin. Bera izan zen eskolaren Presidente Sortzailea. Eskola horiek Frantzia, Belgika, Italia, Espainia, Portugal, Argentina, Kanada (Quebec), Mexiko, Peru, Txile eta Hegoafrikan daude.
PPAk psikoanalisiari egiten dio erreferentzia (S. Freud, M. Klein, D.W. Winnicott), haurraren adierazkortasuna sakon ulertzeko.
Hala eta guztiz ere, bere laguntza-printzipioetan PPA ez da haurraren psikoanalisi bat, laguntza bat baizik; bertan, sentsazioak, tonizitatea, emozioak, motrizitatea, adierazkortasuna, afektuak eta imajinarioa dira praktika psikomotorraren erreferenteak.
Bi praktika mota bereizten ditu: alde batetik, praktika psikomotor hezitzaile eta prebentiboa; bestetik, laguntza terapeutikoaren praktika.
Gero eta neurri handiagoan, beraren pentsaeraren epizentroa adierazpen batean konkretatuko zen, alegia, psikomotrizitateak agerian jartzen duela gizakiaren garapenaren konplexutasuna; hori horrela, munduarekin elkarreraginean aritzean haurrak esperimentatzen dituen gorputz-esperientziek oinarritzen dute beraren psikismoa, errepresentazio inkontziente originalenetatik hasiz eta kontzienteenetaraino helduz. Haurrak lortzen du bizipenetik abstrakziora pasatzea, bere garapenerako arrakastatsua den modu batez. Psikomotrizitateak plazaratzen duen asmoa da haurrak bere buruaz adierazten duen guztia bide motorretik ulertzen saiatzea; jokabide pertsonalen zentzua ulertzea hartzen du helburutzat.
Bernard Aucouturierren ideiek, praktikak, esperientziek eta psikomotrizitatearen alorrean duen presentziak psikoanalista, hezitzaile, psikologo eta irakasleen belaunaldi batzuk elikatu dituzte. Azken 50 urteotako psikomotrizitatea bere “Bruno” eta “Sinbologia del Movimiento” obrekin irauli zuenez geroztik egindako ibilbide bikainarekin batera, agerikoa izan da bere lana erakusteko azaldutako irekitasuna eta eskuzabaltasuna; aipatzekoa da, halaber, errespetuzko berotasunez hartu zituela beti bisitariak bere psikomotrizitate-gelaren laborategian, Palais de Sportsen.
Bernard Aucouturier “maisuaren” paradigma da.
Mundu osoko hainbat erakundetan gauzatu duen lana –etengabeko formakuntza, gainbegiratze-lana, formakuntza pertsonala- oso lagungarria izan da Praktika Psikomotor berezi bat oinarritzeko, zehazteko eta lantzeko. Praktika hori ezaugarri hauengatik identifikatzen da: originaltasuna, kokapenaren espezifikotasuna, erabiltzen dituen dispositiboak, ibilbidea eta ekintzaren direkzionaltasuna. Horrez gain, bereziki nabarmentzen da bere esku-hartzearen via regiagatik, hau da, psikomotrizistaren eta haurraren artean sortzen den erresonantzia toniko-emozionalagatik. Aldi berean, harreman hezitzaile, prebentibo eta terapeutikoaren inguruko ikusmolde partikular honek begirada zabalago bat zuzendu du haurren motrizitatearen azpian dauden prozesuetara, eta eskaini dituen baliabide tekniko berriek aberastu egiten dute garapen, osasun eta pedagogian inplikatutako beste diziplina batzuen eremua; izan ere, tresna baliagarritzat hartu dira haurra bide sentsorial-motorarren bitartez sakon ezagutzeko eta beraren dinamika psikologikoa ulertzeko. Halaber, ikusmolde honek eta beraren baliabideek bidea eman dute hezkuntzaren eta alor klinikoaren problematikari heltzeko estrategia eta taktikak egituratzeko, kontuan hartuta problematika hori gero eta konplexuagoa dela eta gero eta dimentsio gehiago dituela. Praktika psikomotor konkretu bat da, errealitate konplexu, desberdin eta espezifikoetan gauzatzen dena, eta horrek ahalbidetzen du, dibertsitateak gorabehera, gorputz teoriko bat eraikitzea eta eguneroko lan koherente bat bideratzea, haurren beharrei erantzuna ematen dien tresna gisa, eta baita haurrak zaintzen dituzten helduen beharrei erantzuten dien tresna gisa ere.
Psikomotrizitatearen historiako figura ospetsuenetako bat da, eta gaur egun beraren erreferente nagusia da. Hala, beraren praktika hainbat karreratako curriculumean dago sartuta: psikologia, gorputz-heziketa eta kirol lizentziaturak, irakasle eskolak, eta abar. Horrez gain, mundu osoko unibertsitateetan badira psikomotrizitateko master eta gradu-ondoko espezifikoak.
Argentinako Cuyoko Unibertsitate Nazionalak honoris causa doktorea izendatu zuen eta unibertsitatearen aitortza gorena eman zion hezkuntza, garapen eta nahasmendu psikomotorren inguruan egindako ikerketa eta esku-hartze iraunkor eta etengabeagatik, begirada haurren problematikari zuzenduta.
HAZI elkartearen Bilboko PEI-EIP Eskolako zuzendari zientifikoa da, eta baita bertako irakaslea ere. Horixe da praxi psikomotorreko (PPA) adituak formatzeko EIAk (École International Aucouturier) espainiar estatuan aitortzen duen zentro bakarra.
Hunkigarria da Italiako eskola batek haren izena eramatea: Porcian, Friuli Venezia Giulian, eskola publikoa Bernard Aucouturier Eskola deitzen da.
EHU bisitatu du eta bost hitzaldi eman ditu bertan: lehenengoa eta bigarrena Bilboko Irakasle eskolan, 2003 eta 2007an, eskola Bilboko Arangoiti/Deustu auzoan zegoenean. 2007 urtean hirugarren hitzaldia ere eman zuen, Guggenheim Museoan, “Artea eta sormena: buruaren islak” izeneko udako ikastaroan, Euskal Herriko Unibertsitatearen VIII. Arte eta Kultura Topaketen baitan. Laugarren hitzaldia, berriz, 2010ean eman zuen, EHUko paraninfoan, Bilboko irakasle eskolako zuzendaria eta arte ederren dekanoa bertan zirela. Eta azkena, berau Leioako unibertsitate-campusean, 2012 urtean izan zen, Bilboko Irakasle eskolaren mendeurrena ospatzeko ekitaldietara gonbidatutako hizlari gisa.
Argitalpenak
Bernard Aucouturierrek dibulgazio-lan trinkoa gauzatu izan du, bai artikuluen bidez eta bai liburuak argitaratzearen bidez:
- A. Lapierrerekin batera – Los contrastes y el descubrimiento de las nociones fundamentales (1974) – Doin – Paris – Asociación de contrastes, estructuras y ritmos (1974) – Doin – Paris – Los matices (1974) – Doin – Paris – el cuerpo y el inconsciente en educación y terapia (1982) Doin – Paris – La simbología del movimiento (1977) – Desclee de Brouwer – Paris – Bruno (1978) – Delachaux et Niestle – Genève.
- I. Darrault eta J. L. Empinetekin batera – La práctica psicomotriz, reeducación y terapia (1984) – Doin – Paris.
- G. MENDELekin batera –¿que hace correr al niño? (1999) – Ed. Université catholique de Louvain – Bélgica.
- C. VAN NIEUWENHOVENekin batera. Miedo de nada, miedo de todo (2003) Ed. Université catholique de Louvain – Bélgica. Ed. Graó – Barcelona.
- El método Aucouturier (2005). Los fantasmas de acción y la práctica psicomotriz. Ed. de Boech – Bruxelles. Ed. Graó – Barcelona. Ed. Francoangeli – Milan.
- Aucouturier metodoa. Ekintza-fantasmak eta praktika psikomotorra (2011) (Euskara Errektoreordetza)
- El niño terrible en la escuela (2012) Ed. Liber – Montréal. Ed. Graó – Barcelona. Ed. Cortina – Milan.
- Actuar, jugar, pensar (2017) Ed. de Boech – Bruxelles. Ed. Graó – Barcelone. Ed. Cortina – Milan.
Liburu hauek gaztelania, italiera eta portugesera itzuli dira eta batzuk alemanierara (eta bat euskaratu egin da).
Aipatzekoa da beraren lanari buruzko doktorego-tesi ugari daudela. Baten bat UPV/EHUn defendatu da.
Hainbat eta hainbat artikulu eta liburu idatzi dira beraren lanei buruz;
Batzuk aipatzearren:
- Arnáiz Sánchez P (1988). Fundamentación de la práctica psicomotriz en Bernard Aucouturier. Madrid: Seco-Olea.
- Rota Iglesias Josep (2015) la intervención psicomotriz: de la práctica el concepto. Barcelona: ediciones octaedro.
- Chokler, M. Acerca de la Práctica Psicomotriz de Bernard Aucouturier. Buenos Aires: Ariana.